Amuak

Mikel Sotoren literatur gomendioak udarako

Asteazkena, 2021-07-14

Ikasturtean zehar idazleen apalategietan kuxkuxeatu dugu; uztailean, berriz, haien uda-gomendioak eskaintzen ari gara. Nobedade, klasiko eta liburu kuttun bana aipatzeko eskatu diegu. Gaurkoan, Mikel Soto.

Mikel Soto (Iruñea, 1978), azken urteetan editore ezagutu dugu Txalaparta argitaletxean. Editoretza utzi eta idazle etorri berri zaigu plazara, Suak pizten direnean (Elkar, 2020) poesia liburuarekin. Deabruaren eskolako butzatzaile ere badabilkigu azkenaldian.

Nobedade bat

Azken hilabeteetan oposaketetarako ikasten egon naiz eta, ondorioz, ia soilik historiari buruzko liburuak irakurtzen egon naiz. Horrez gain, Deabruaren Eskola webgunea elikatzeko testuak irakurri ditut, baina egunerokotasunari ez oso lotuak. Horregatik, ez ditut azkenaldian hona ekartzeko euskal literaturako nobedade gehiegi irakurri. Salbuespen bakarra Mikel Tabernaren Arkanbele kantak poemategi aparta izan da, izan ere, oposaketetan murgilduta egon arren, erraza eta atsegingarria izan da Mikelen oroitzapenetan eta lurraldean, bere euskara aberatsean eta bere amets ederretan murgiltzea.

Baina, ikasturtea eta oposaketak amaitu eta behartutako irakurketak atzean utzitako subidoiaren ondorioz, oraintxe lau liburu hasiak dauzkat aldiberean, horietariko bi nobedadeak. Bata, irakurketan zoritxarrez batere ohikoak ez diren barre-algarak ateratzen ari zaidana; Umberto Eco jenialaren Como viajar con un salmón. Bestea, Ereineko editore den Uxue Razkinek Irati Jimenezi oparitutako Nerea Loiola Pikaza debarraren azken ipuin liburua da: Epizentroa. Liburu honekin batera Nerea Arrienen Jende likidoa oparitu zigun Razkinek, baina Maddi Zumalabek eta Jon Arangurenek azal benetan ederra egin diote Loiolaren liburuari eta horregatik aurreratu zaio irakurketan itxura aparta duen beste Nerearen Jende likidoari. Hala, bada, gure literaturak eman didan azken sorpresa atsegina izan da Nerea Loiolaren Epizentroa.

Julio Cortazarrek Algunos aspectos del cuento saiakeran idatzi zuen “ipuingile ona boxeolari azkarra da eta hasierako kolpeak eragingabeak dirudite baina benetan aurkariaren erresistentziarik irmoenak higatzen ari da jada. Har ezazue nahi duzuen edozein ipuin bikain eta azter ezazue lehen orrialdea. Harrituko nintzateke soberan dauden edo apaindura hutsa diren elementuak aurkituko bazenituzte”. Horrelakoak dira Nerea Loiolaren hasierak; guztiek dauzkate ipuinaren bihotzari buruzko elementuak. Oso trebea da Loiola informazioa dosifikatzen eta, ipuinaren aldamiajea erakutsi barik, informazioa dagokion lekuan ematen daki eta ondoren artezki izkutatzen ditu junturak, era naturalean, alegia, elegantean. Ondo idatzitako eta are hobeto berridatzitako ipuinak dira, horren froga edozein idazlek harentzat nahiko lukeen “Itsaso zuria” ipuin hunkigarria.

Pertsonaiak eta eszenak primeran eraikitzen ditu Loiolak eta, literaturan idazle bezala oraindik urte gutxi dituen arren –2018koa da bere lehen liburua–, idazle zailduen gisa deskribatzen ditu pertsonaien barne zein kanpo paisaiak; haiekin garamatza, alde batetik, orgasmoetan gora edo erdira, zalantzen muinera edota ametsen abarora eta, bestaldetik, usaintzen eta hunkitzen gaituzten ukuiluetara, ezinegona pizten diguten bulegoetara edo tristatzen eta kezkatzen gaituzten ospitaletara. Alegia, literaturaren epizentrora.

Klasiko bat

Edorta Jimenezek askotan aipatzen du Alberto Gabikagojeaskoaren 1960ko hamarkadako argazki bat: poliziek inguratuta daukate apaiz mentxakarra biolentzia frankistaren kontrako bere salaketa eten dezan, alegia, bera bakarrik den manifestazioa disolba dezan. Hamarkada beraren ondarrean idatzi zuen “Libre izatea / gauza ikaragarri zaila da” Joxe Azurmendik bere “Manifestu atzeratua” zirraragarrian. Izan ere, askatasuna da gizakiaren misterioen artean faszinanteetako bat, zaila baitzaigu gerorri ulertzea zergatik egiten ditugun gizakiok munduko gauzarik eskuzabalenak zein zitalenak. Hona ekarri dudan liburuaren eta beste batzuen irakurketek goitik behera markatu dute askatasunaren gaineko nire ikuspegia. Oraindik goiargitzen gaituen Jose Martiren ustez, “askatasuna da gizon orok zintzoa izateko eta hipokresiarik gabe pentsatzeko eta hitz egiteko duen eskubidea” eta haren eta Alberto Gabikaren moduko ereduek bezainbeste markatu dute Frommen edo Azurmendiren idatziek askatasunari buruzko nire ikusmoldea; haiek daude, esate baterako, Suak pizten direnean liburuko “Zuzen jokatzearen askatasuna” bezalako poemen atzean.

Freuden dizipulu izandako Erich Fromm alemaniarraren ustez, askatasunaren argiari bezainbeste erreparatu behar diogu bere ilunari; libertatea lortzeko dugun egarriari eta libre izateak eragiten digun ezinegonari. Izan ere, giza izaeraren esentzia bera osatzen duen askatasunak bide ederretatik eraman gaitzake zein III. Reichera, Frankfurteko Eskolako pentsalariarentzat bi askatasun mota daudelako: positiboa eta negatiboa. Gizabanakoan hasi baina dimentsio sozialera proiektatuz, bien bideak ezin hobeto azaltzen digu Frommek aske izateko borondatea bezain inportantea dela gizakiontzat askatasun hori lotura humanoak sortzeko erabiltzea ingelesez idatzi zuen bere lehen liburuan. Zamorako apaiz-kartzelaren lehen inkilinoa izan zen Alberto Gabikak Askatasunetik iheska izenburuarekin euskarara ezin ederrago ekarri zuen –Xabier Amurizak zuzendua– eta, gure Klasikoen bildumako beste hainbat lanekin batera, esteka honetan irakurgai duzue. Niretzat, liburu hau, Jean Paul Sartreren Existentzialismoa humanismo bat da eta Simone de Beauvoirren Bigarren sexua XX. mendeko erretaula humanista eta existentzialistaren funtsezko hiru lanak dira.

Voxen hastapenetan kutun edo talisman gisa erosi nuen New Yorkeko Rochester kaleko liburutegi publikoan egindako espurgo batetik ateratako Escape From Freedom liburuaren lehen edizio bat, izan ere, garai zailak datoz oraingoan ere askatasuna maite dugunontzat, “Baina libre izan nahi dugu, / zer kulpa daukat nik”.

Kuttun bat

Elkar ezagutu genuenean Joseba Sarrionandiak azal terribleki itsusi bat daukan Memorias de Adrianoren edizio kubatar bat oparitu zidan eta neuk hari goxoki-dendan ume batek litxarreriei bezala begiratzen zuen Jose Luis Otamendiren Lur bat zure minari poemategiaren nire alea oparitu nion. Hainbat urte geroago, uda batez, Marguerite Yourcenarren liburua irakurri nuen eta oraindik gogoan iltzatuta dudan esperientzia berdingabea izan zen. Liburua irakurtzen hasi eta hogeitamapiko orrialde irakurriak nituenean atzera hasi nintzen berriz irakurtzen, astiroago, konturatu bainintzen liburu miragarri hau ezin nuela ohiko abiaduran irakurri. Barne erritmo berdingabea dauka eta estiloaren preziosismoak eta kontakizunaren esangura sakonak irakurlea estimulatzen dute hasieran, katigatzen gero eta, amaierarako, sorgintzen dute.

Julio Cortazarrena da gaztelerazko itzulpen eder eta famatua, baina euskaraz badugu Juliorena bezain eder eta beharbada hain ezaguna ez, baina ezbairik gabe garrantzitsua den itzulpena: Joxe Austin Arrietarena. Duela gutxi Anjel Lertxundik batasunaren ostean gure euskara literarioa finkatzeko Joxe Austinek egin zuen itzulpen honen garrantzia ekarri zuen gogora Itzuliz usu begiak saiakeran. Eta beldurrik gabe esan daiteke nik brometan “maisu” deitzen dudan Joxe Austin Arrietak maisuki ekarri zituela euskarara Hadrianoren oroitzapenak.

Amaitzeko, oraindik norbait konbentzitu ez badut, azken anekdota bat kontatuko dut: liburu hauxe oparitu nion Harkaitz Canori Fakirraren ahotsa idazten zuen bitartean eta, gerora esan zidanez, nekez eutsi izan zion Yourcenarren liburu erdia bere narraziora ez isurtzeko tentazioari. Halakoxe inpresioa eragiten du maisulan honek irakurtzen duenarengan; hori, eta sekula abandonatzen ez zaituen pentsamendu, sentsazio eta sentimendu-olde bat. Zer gehiago eska dakioke liburu bati?

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)