Erreportajeak

(Durangoko Azoka) Poesia nobedadeak

Ostirala, 2020-12-04

Azkenaldian plazaratu dien poesia liburuei begirada luzatu diegu albiste honetan.

Ez ohiko testuinguruan, ez ohiko zabalkundea izaten ari dira literatur proiektu eta liburu berriek. Egutegia hankaz gora jarri zen uda aurretik, eta aurkezpenak egiteko era telematikora jo da kasu askotan. Nola eta den ere, liburuen faktoria martxan da, eta era ezberdineko argitaratzaileak irakurleengana iristeko moduaren bila ari dira. Durango ere aurrez aurrekorik gabe, guztiz itxuraldaturik ageri zaigu, horren ondorioz segur aski zaildu egin da liburu askotara iristeko bidea, bereziki harribitxiak deskubritzeko aukera. Horregatik, tituluen arrantzan ibiliko gara egunotan Hitzen Uberanen.

Beti esan ohi da poesia ez dela ikaragarri saltzen, baina urteroko titulu kopuruari erreparatuta argi dago idatzi idazten dela, eta horrek iradoki dezake, masiboki irakurtzen ez bada ere, genero gisa publiko minimo fidel bat baduela. Ikus dezagun pandemia osteko aste hauetan argitaratu dena.

Susa

Azken asteetako nobedadeei erreparatuta, dagoeneko plazaratuak dira dozena bat titulu. Haien artean, zalearentzat ohikoak izango diren bildumak dira tartean: Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan dagoeneko 38 dira plazaratu diren antologiak, sekulako marka poesia itzuliaren arloan, are gehiago ikusita zenbat itzultzaile inplikatu den proiektuan. Aurtengo antologiak Raymond Carver Harkaitz Canok itzulia, eta May Ayim Garazi Ugalde Pikabeak itzulia.

Susan bertan dugu ezinbesteko beste bilduma erreferentziala: argitaletxeko ohiko poesia bildumak euskal poesiagintzako bi izen ekarri dizkigu bueltan: Leire Bilbaok Etxeko urak publikatu du, hirugarrena poesiaren arloan, eta Miren Agur Meabek Nola gorde errautsa kolkoan, laugarrena poesiaren arloan.

Elkar

Bi titulu ekarri ditu Elkarrek bere poesia bildumara. Mikel Sotok Suak pizten direnean ekarri digu, bere belaunaldiaren kronika politikoa egiten duen liburua; kasu honetan, orain arte editore ezagutu dugun eskua beste aldera pasa da, poeta ahots berri bat ekarriz plazara. Hitzen Uberanen elkarrizketatu genuen luze.

Beste aleak Ana Urkizaren hitzak dakartza, eta Begoña Durrutyren marrazkiak: Paperezko ahozapietan idatzitako poemak. Badirudi oro har poesiak objektuaren izaerarekin jolasteko aukera ematen duela, aurten behintzat badira horren adibide garbiak. Honako hau litzateke bildumaren ohiko formatua apurtzen duen lan bat, orrialdeen barrura kolorea ekartzeaz gain, laukira egin baitu bidea.

Pamiela

Formatuaren mugak apurtzeaz ari garelarik, ezin aipatu gabe utzi Ixiar Rozasek aurten proposatu digun harribitxia: Unisonoa. Lerro bakarrean idatzitako poesia liburua da, eta horrek objektuari eman dion dimentsio espazialaz gain, formatu horizontalera jo duena kasu honetan, grabaketa sonoroa gehituta biderkatu da liburuaren efektua. Hemen topatuko duzue Hitzen Uberanen egin genion elkarrizketa.

Poesia irakurtzeko aukera emateaz gain, poesiari buruz irakurtzeko aukera eman digu Pamielak: Ainhoa Urienek Poesia, zaurien ukendu (Xabier Leteren arrastoan) saiakera plazaratu du. Ikus hemen egin genion elkarrizketa.

Balea zuria

Poesiak liburu-objektuaren osaketan eragiteko joeraz mintzatzen ari gara lerrootan, eta beste adibide argi bat dugu Peru Magdalenaren Tantaka. Tantaren irudiak minimoa, txikia, osoa dakar gogora bere horretan, eta liburuak ere forma hori hartu du, txikia, minimoa. Haikuen tamainari egokitua izango balitz bezala.

Poesia zalearen ezinbesteko erreferentzia ari da bilakatzen Balea zuria, eta aurten ere plazaratu dituen titulu kopuruan sumatzen da: Magdalenaren liburuaz gain, Itxaro Bordaren Abaro, eta ekainean Saforen Poesia guztia, Maite Lopez Las Herasek itzulia (hemen elkarrizketa itzultzaileari), eta Lizar Begoñaren Aro beilegia, argitaletxeak berak bultzatzen duen DK III. Poesia sariaren irabazlea. Horiez gain, Urrats urratuak. Xabier Lete gogoan liburu kolektiboa ere plazaratu berri dute.

Erein

Uztailean plazaratu zuen Ereinek ahots berri baten lehen lana, Blas de Otero poesia saria jaso eta gero: Eva Perez-Ponsen Zaharkitze programatua.

Hatsa

Ezin aipatu gabe utzi Hatsa elkarteak urtero ateratzen due Hatsaren poesia bilduma, ahots mota ugari biltzen duena. Udaberrian, beste hainbati bezala, aurkezpena oztopatu bazien ere, paperera iritsi da aurtengo bilduma.

Azkenik, seguru gaude autoedizioaren arloan, besteak beste, egongo dela zer ezagutu. Titulu gehiagoren berri eman nahi izanez gero, bidali informazioa eposta honetara eta albiste hau osatuko dugu: hitzenuberan@idazleak.eus

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)