Zebrabidea

Zebrabidearen uberan: aurkezpena eta Arantxa Urretabizkaia

Asteartea, 2017-02-07

Bi ostiralean behin, Arrosa Sareko Zebrabidea irratsaioan arituko gara, Hitzen Uberan atariko edukiei tiraka. Pasa den ostiralean egin genuen estreinaldia: Hitzen Uberan aurkeztu genuen, eta Arantxa Urretabizkaiaren elkarrizketari errepasoa egin.

Arrosa Sareko Zebrabidea magazinak literaturari tartea egiten dio ostiralero. Gonbidapena luzatu digute eta, hemendik aurrera, han izango gara bi astean behin. Helburua: Hitzen Uberan atarian argitaratzen ditugun edukiei errepasoa egitea; besteak beste, elkarrizketei emango diogu arreta berezia, horiexek baitira gure eduki mamitsuenetakoak.

Pasa den ostiralean, hilak 3, ekin genion lanari, eta behean entzun dezakezue kolaborazioa, osorik. Hitzen Uberan atariaren aurkezpena egiteaz gainera, Arantxa Urretabizkaiarekin izandako solasaldia eta Carlos Negroren poemak ere aipatu genituen.

 

Kolaborazioan nabarmendu genituenak

Arantxa Urretabizkaia, Bidean ikasia liburuaz:

Banekien gaia [Alardea] deserosoa zela jende askorentzat, baina idazleak ez al du betebehar hori, deseroso diren gauzak kontatzearena? Gauza erosoak bakarrik kontatu behar al ditu?

Ez nuen objektibotasun-lan berezirik egin nahi. Alde bakarreko ikuspuntua da, nahiz eta besteak ulertzen ahalegindu. Pentsatzen dut, urteek aurrera egin ahala, aterako direla beste lekukotasun batzuk, ez dakit euskaraz, zailagoa iruditzen baitzait, baina aterako dira, eta gero etorriko dira historiagileak, hari guztiak elkartu eta zerbait ehuntzera.

Esaten didatenean oso ausartak izan ginela 1996an, beti esaten du hori ez dela ausardia, ausardia gero datorrela, ausardia datorrela aurrera egiten duzunean, beldurrez, zer-nolako arriskutan zauden ulertuta ere. Irailaren 8rako prestatzen ari garela, norbaitek beti esaten du: “eta, orain, ondo pasa!”. Harrituta geratzen naiz: nik ez dut ondo pasatzen, baina hori ez dago ondo ikusita, kirolariei bakarrik barkatzen zaie. Idazleak ere esan behar du idazten dagoen bitartean primeran pasatzen duela. Niretzat idaztea da lanik gogorrena; orain, egia da, gustuko zerbait idatzi dudanean, horrek ematen didan zera ez didala beste ezerk ematen. Baina nik ez dut ondo pasatzeko idazten, eta ez naiz berdintasuna defendatzen ari ondo pasatzeko.

[Liburuak] balio dezala hemendik kanpo, kontuan hartzeko zer joera daukagun, berez, gatazka baten aurrean. Gu bilakatu gara kontrako erreferentea: ez dadila gertatu Hondarribian gertatzen dena. Falta zaigu enpatia bestearekiko, falta zaigu apaltasuna geure buruarekiko eta geure ideiekiko, jakitea inor ez dela egiaren jabe, eta iritzi ezberdina daukana ez dela etsaia.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)