Zebrabidea

Zebrabidearen uberan: Luis Elizetxea eta Xabier Etxaniz Rojo

Osteguna, 2017-02-23

Bi ostiralean behin, Arrosa Sareko Zebrabidea irratsaioan arituko gara, Hitzen Uberan atariko edukiei tiraka. Pasa den ostiralean, Luis Elizetxearen eta Xabier Etxaniz Rojoren elkarrizketak aipatu genituen. Horrez gainera, paperezko antzerkiei buruz argitaratu genuen erreportajeaz ere jardun ginen.

Arrosa Sareko Zebrabidea magazinak literaturari tartea egiten dio ostiralero. Gonbidapena luzatu digute eta, hemendik aurrera, han izango gara bi astean behin. Helburua: Hitzen Uberan atarian argitaratzen ditugun edukiei errepasoa egitea; besteak beste, elkarrizketei emango diogu arreta berezia, horiexek baitira gure eduki mamitsuenetakoak.

Pasa den ostiralean, hilak 17, izan ginen han. Bi elkarrizketa aipatu genituen, Luis Elizetxearena eta Xabier Etxaniz Rojorena, bai eta erreportaje bat ere, hain zuzen, Paperezko antzerkiei buruzkoa. Behean entzun dezakezue kolaborazioa, osorik.

KOLABORAZIOAN NABARMENDU GENITUENAK

Luis Elizetxea, Argiaren hautsa antzezlanari buruz:

Ni, arlo guztietan, egilearen obra sortu den bezala uztearen aldekoa naiz. Lotsagarria iruditzen zait zinera eramandako liburu batzuekin egindakoa, kasu. Dena den, ni izan naiz Ereintzarako idatziriko lan batzuetan lerro mordo bat ezabatu dituen lehena. Entseguetan ikusten duzu idatziriko guztiak ez duela balio eta malgua izan behar duzu. Horrez gain, ados nago zurekin nire joera literatur idazkuntzara hurbiltzen dela diozunean, eta horrek, irakurketari ez, baina antzezpenari freskotasuna ken diezaioke. Kasu horietan, papereko euskaratik ahozkora pasa behar da, berridazketari eutsiz, eta horretan Ereintzako kide batzuek ekarpen baliotsuak egiten dizkidate.

“Argiaren hautsa” idazteko orduan Karmele Jaioren “Amaren eskuak” izan nuen gogoan. Aitorpen gisa, esango dut liburu hura irakurri nuenean nire buruari esan niola nik noizbait horrelako zerbait idatzi nahi nuela. Liburu horretan aurkitu nituen samurtasunak, afektibitateak eta iraganeko kontuen xarmak harrapatu ninduten.

Protagonistak baino dezente gazteagoa naiz, bai, baina dagoeneko heldua, eta nire gurasoak aspaldi hil ziren, jada. Amak azken urtea zahar-etxe batean eman zuen eta han ordu asko igaro nituen. Antzezlanean azaltzen den moduan, agureak azkenaurreko geltokian zeuden eta han bi jokabide ikusi nituen: etsita azken trenari itxaroten ziotenak eta azken unera arte bizi nahi zutenak. Garai hartan horretaz askotan hausnartu nuen, nire amaren jarrera baikorra aztertu nuen, eta bera hil zenetik hainbat urtera bere hutsuneak sorturiko samina oroitzapen gazi-gozoa bihurtu zenean hura guztia gehi irudimenak eskaini zidana idazteari ekin nion.

Lanean erabili ditudan gertaera historikoek, ideologiek, garai bateko ohiturek… funtzio literarioa dute. Bizitzan gertatzen diren egoera jakin batzuk muturrekoak dira eta idazleontzat oso aproposak dira. Gerra batean dauden bi bandoen atzean pertsonak daude, eta gerra ostean ezartzen den “bake faltsuak” bizitza asko zanpa ditzake. Nik horixe azaldu nahi nuen, baita gertaera latzak gestionatzen norberak dituen zailtasunak ere. Iragana azaleratzeari buruz, guztiz aldekoa naiz, hala esparru literarioan nola historikoan. Nire ustez, istorio ezkutuak azaleratzearen helburuak justizia garaile irtetea, herriak Historia ezagutzea eta biktimen senideek bakean gelditzea izan behar du.

Xabier Etxaniz Rojo, Waterloo-n galdutakoak eleberriari buruz:

Afari batean geunden eta, halako batean, lagunetako batek: “istorio bat kontatu behar dizut. Nire lankide baten senarrak iktus bat izan du eta euskara galdu du”. Bere hitzak horiek izan ziren. Nola da posible? Hori gertatu al daiteke? Iktus bat izan eta euskara galtzea? Txundituta geratu nintzen. Aipamen hura buruan bueltaka izan nuen sei bat hilabetez. Niri gertatuko balitzait, lanik gabe geratuko nintzateke. Nik euskarazko eskolak ematen ditudalako. Ez dakit besterik egiten. Idatzi ere, ezingo nuke idatzi, gazteleraz ez dakidalako idazten. Kezka hori denbora luzean izan nuen, eta nire jakinmina piztu zuen.

AEK-ri buruzko hausnarketak ere badaude, baina baita Korrikari buruzkoak ere. Berriako zutabeetan, horrelakoak idazten nituen tarteka. “Noiz arte egingo dugu Korrika?”, “AEK-k noiz arte antolatuko du Korrika?”. Egunen batean herriak hartu beharko luke ardura. Edota AEK-k desagertu. Baina egoera horretatik oso urrun gaude oraindik. Nire pentsamenduak ageri dira pasarte horietan: Korrika oso polita dela, baina mundu guztia erretzen duela. Eta bi hilabete horietan, klaseak ahal dugun moduan ematen ditugula, beste gauza batzuk ere egin behar izaten ditugulako.

Ulertzen ez duzuna ezin duzu maite. Eta gurasoek ez dute ulertzen. Soledadek ere ez zuen bertakoa ezagutzen. Ezagutzen duenean, maite egingo du. Eta Valentziara itzuli ordez, Irunen geratzea erabakitzen du. Soledad izateari utzi eta Bakarne izena hartu zuen. Kanpotik ikusita, pauso hori arraro suertatzen da. Baina ikasleei hori esaten diegu maiz. “Hemen, gure artean egiten ditugun gauzak oso onak dira. Zuenak bezain onak, edo zuenak bezain txarrak. Baina badaukagu beste zerbait”. Baina ez dut lortzen. Garai batean, ni euskaldundu nintzenean, gogo hori bazegoen, euskaldun izateko gogoa. Orain ez.

Inguruko herrietan akaso ez, baina Donostian ikasle gehienek titulitisa dute. Ez dago euskalduna izateko gogorik. Ez dira euskaldun izan nahian hurbiltzen. Beste behar batzuk dituztelako hurbiltzen dira euskaltegietara. “Nik aprobatu egin nahi dut”, esaten didate. “Aprobatu egin nahi al duzu? Ba izan euskaldun”. Baina hori ez dute nahi. Baten batek, gainera, onartu egiten du. Igual ez dute esango, baina askok hala pentsatzen dute.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)