Amuak

Alaine Agirreren literatur gomendioak udarako

Astelehena, 2021-07-05

Ikasturtean zehar idazleen apalategietan kuxkuxeatu dugu; uztailean, berriz, haien uda-gomendioak eskainiko dizkizuegu. Nobedade, klasiko eta liburu kuttun bana aipatzeko eskatu diegu. Gaurkoan, Alaine Agirre. (Irudia: Kontraluz Studio; Agirrek utzitakoa).

Alaine Agirre (Bermeo, 1990), Odol mamituak liburuarekin ezagutu genuen. 2014an kaleratu zuen eleberri hori, Elkar etxearen eskutik, eta orduz geroztik ibilbide oparoa egin du: beste bi eleberri kaleratu ditu Elkarren (X hil da, 2015ean, eta Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama, 2017an); horretaz gainera, Txoriak etortzen ez diren lekura poema-liburua (Erein, 2017) eta Kamisoi zuri zetazkoa narrazioa (Erein, 2018) eman ditu. Azken urteotan, berriz, lau liburu argitaratu ditu Erein argitaletxeko Txandaka bilduman (Maren, Libe, Oier eta Ane). Nobedade bat, klasiko bat eta kuttun bat gomendatzeko eskatu diogu. Hona hemen bere erantzunak:


Nobedade bat

Ez dakit zertaz ari zaren, Ana Malagonena. Idazle gutxi daude beren obra guztia irakurtzen diezuna, eta hau da nire horietako bat; liburu bat ateratzen duen aldiro irakurri nahiko dudala badakit. Bere aurreko bi liburuak gustu handiz dastatu nituen, eta azken hau are gehiago. Malagonen ipuinetan badago halako garraztasun bat, hasieran azkura ematen dizuna, tarteka atzera bota arte ere, baina laster hasten zara kilima latz horri gustua hartzen. Gortinen arteko tolesduretan, itzaletan erdi ezkutatuta daudenak ikusten hasten zara, tarteka argi izpiren batek edo bestek argituta: ironia, onarpena, samurtasuna eta definizioetatik eskapatzen diren forma anomaloak, poliedro irregularrak: maitasunarenak eta gorrotoarenak, erruarenak eta errukiarenak, zaintzarenak eta egoismoarenak. Filtroetatik eta hashtag-etatik urrun dago Ana Malagonen literatura. Ikusi eta sinestu nahi dugunetik asago joaten da, eta guztiongan naturalak diren baina gustatzen ez zaizkigun horiei guztiei begira jartzen gaitu. Hortik azkurarena.


Klasiko bat

Raymond Carverren Zertaz ari gara maitasunaz ari garenean [itzultzailea: Koro Navarro]. Euskaraz irakurri nuen lehenengo aldiz eta gaztelaniaz nabil berrirakurtzen orain. Honek ere ez du, aurreko gomendioak bezala, soberako azukrerik; ezpada likore fuerte batek duena, alkohol kantitate hori irensgarriago egiteko adina, ez gehiago. Zergatik gomendatuko nukeen hau? Ba ez dakit oso ondo eta aldi berean gauza askorengatik. Liburuaren esaldi bakoitzagatik. Ez dut gezurrik esango: biharamuna utziko dizu. Baina merezi izan duela pentsatuko duzu, horren errudun den likorea edaten zenuen bitartean pentsatzen zenuen  legez.


Kuttun bat

Annie Ernauxen Pasio hutsa dago [itzultzailea: Joseba Urteaga]. Badu zerbait magikoa basatia barrukoa bere literaturak, zeharkatzen astintzen pizten zaituena. Kabitzen ez den plazera. Konexioa. Zuk bera beharrean, berak ulertzen zaitu zu. Liburu horiek zuretzat idatzita daudela sentitzen duzu. Nik hala sentitu dut bere liburu bakoitzarekin. Nitaz ari dela. Ez dakit guzti horien artean nire gogokoena den Pasio hutsa, baina bai kuttunena, horri esker ezagutu bainuen Annie Ernaux (eta neure burua ere).

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)